Haur hezkuntzako gelak ixteko protokoloa aldatu dute Iparraldean

2021-02-09

Frantziako Hezkuntza Ministerioak haur hezkuntzako gelak ixteko protokoloa aldatu du. Orain arte, talde berean hiru COVID-19 kasu egon behar ziren gela osoa isolatzeko. Orain kasu bakarra atzemanez gero, talde osoa astebetez ixteko aginduko du Ikuskaritzak.

Lehen eta bigarren mailetan irizpidea ez da aldatuko. Hiru kasu atzeman beharko dituzte gela ixteko, baina salbuespena izango du irizpide horrek: birusaren aparteko aldaeraren baten kasu bakar bat agertuz gero, gela bereko ikasle guztiak astebetez isolatuko ditu Ikuskaritzak.

Protokolo sanitarioa ere zorroztu dute, 6 urtetik gora musuko homologatuak erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta segurtasun distantzia handitu dute. Orain arte, metro bateko distantzia utzi behar zuten ikasleek beren artean. Aurrerantzean, bi metrokoa izan beharko du tarte horrek. Jangelan ere aplikatu beharko dituzte neurriak, eta gelak maizago aireztatu beharko dituzte.