‘First Lego League Challenge’ lehiaketan izango dira Oñatiko institutuko ikasleak maiatzaren 8an

2021-04-26

First Lego League 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzako programa da, eta maiatzaren 8an ospatuko den lehiaketan parte hartuko dute Oñatiko Institutuko 4. DBHko ikasleek.

Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika hobeto ezagutzeko aukera ematen duen programa da hau, ikasleek ikaskuntza esanguratsu eta ludikoen bidez benetako arazoak konpontzen dituzten bitartean. Programak ideiak sortzera, arazoak konpontzera eta oztopoak gainditzera bultzatzen du, eta aldi berean, teknologia behar bezala erabiltzeko ingeniaritzaren berezko diseinu-prozesuak ikasteko aukera ematen die parte-hartzaileei.

FLLak erronketan oinarritutako ezagutzak bultzatzen dituenez, denboraldi bakoitzean erronka berri bat proposatzen du. Aurtengo erronka REPLAY deitzen da, jolasteko eta mugitzeko modu berriak definitzea planteatzen duen erronka, eta Oñatiko institutuko ikasleek OÑATI REPLAY APP deritzon app bat sortzea erabaki dute. Bertan Oñatiko espazio naturalak zehaztu eta bertan egin daitezkeen kirol edo jolasen bideoak ikusteaz gain, inguruko natura eta ondare kulturalaz gozatzeko aukera izango du erabiltzaileak. App hau maiatzaren lehenengo astean QR kode baten bitartez jaitsi ahal izango da. Bestalde, lehiaketak beste bi atal ditu: robotaren jolasa eta FLL balioak. Ikasleek Robot bat diseinatu behar izan dute LEGO MINDSTORM teknologia erabiliz, eta hainbat misio gaindituz, helburua puntu kopururik handiena lortzea da 2 minutu eta 30 segundotan.

Bestetik, bai proiektu zientifikoa bai robotaren jolasa garatu dituzten bitartean, FLL balioak landu dituzte ere: aurkikuntza, berrikuntza, eragina, inklusioa, elkarlana eta dibertsioa. Ikasleek diotenez lagun arteko lehia eta elkarren arteko onura ez direla helburu ezberdinak ikasi dute, eta errespetua talde lanaren oinarria dela baita ere.