Euskadiko Eskola Kontseiluaren lehen osoko bilkura presidente berriarekin

2021-03-16

Martxoaren 11n egin zen Euskadiko Eskola Kontseiluaren lehen osoko bilkura, Maite Alonso presidente berria izendatu ostean. EAEko ikastetxe publikoetako familiok hiru ordezkariren bitartez parte hartzen dugu osoko bilkuran, lurralde bakoitzeko bat. Gainera, kontseilu horren batzorde iraunkorrean parte hartzea eskatu dugu, hezkuntza-sistema osoko eta sare publikoko familien ordezkaritza handiena duen erakundea baikara.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta erakunde horretako aurreko presidente Nélida Zaitegik parte hartu zuten lehen osoko bilkura horretan, eta 2021-2024 aldirako lehentasunezko lan-ildoak aurkeztu zituzten. Hemen ikus ditzakezue.

Euskadiko Eskola Kontseilua unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren programazio orokorrean inplikatuta dauden gizarte-sektoreen partaidetzarako organo gorena da, baita Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-arloan proposatu beharreko araudiari buruzko kontsulta eta aholkularitzarako organo gorena ere.