"Hezkuntza lege aurreproiektuarekin batera, oso neurri erasokorrak ari dira hartzen eskola publikoaren kontra"

  • Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deitu eta beste hainbat eragilek babestutako manifestazioan 10.000 lagunek baino gehiagok hartu zuen parte asteburuan, Ertzaintzaren arabera. “Pozten gaitu ikusteak zalantzan jartzen dela hasiera batean erabateko adostasun gisa saldu zigutena”, esan digu Arantza Fernandez de Garaialde plataformako kideak.

Eskola publikoaren aldeko eta hezkuntza lege aurreproiektuaren kontrako manifestazioa Bilbon, joan den larunbatean. Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro.

2022ko azaroaren 08an - 10:00
Azken eguneraketa: 17:23

Manifestazioak jende asko bildu zuen Bilbon. Zeren isla dela uste duzu?

Mugimendu hau ez da berria, denbora daramagu eskatzen eskola publikoa indartu behar dela eta neurriak hartu behar direla, baina lege aurreproiektuaren harira gaia gero eta gehiago ari da plazaratzen eta batez ere sare publikoan egonezina dago, benetako kezka. Aurreproiektu honek ez baitie aurre egiten ditugun arazoei eta ez du sare publikoa inondik inora indartzen, are gehiago, zirriborroa aurkeztearekin batera neurri oso erasokorrak hartzen ari dira eskola publikoaren kontra.

Adibidez?

Hezkuntza akordioa sinatu zutenetik hona, ikastetxe pribatuen itunak datozen hiru-sei urtetarako luzatu dituzte; jakin arren jaiotze tasa gutxitzen ari dela, sare pribatuari bermatzen zaio gela kopuru bera mantendu ahal izango duela. Hortaz, jaiotze tasen beherakadak bultzatuta plazak desagertzen badira, non desagertuko dira? Itun kopurua handitu egin da gainera. Kontrara, planifikazio dekretuan aurreikusten da sare publikoan ikastetxeek gutxienez bi lerro izan behar dituztela eta horrek ekar dezake hainbat ikastetxe fusionatzea edota desagertzea. Bermeak ezartzen dira sare pribatuarentzat, eta baldintzak ezartzen dira sare publikoarentzat.

"Jaiotze tasa txikitzen ari den arren, sare pribatuari bermatzen zaio gela kopuru bera mantentzea. Hortaz, plazak desagertzen badira, non desagertuko dira?

Akordioaren sinatzaileetako batzuk izan ziren manifestazioan.

Guk dakigula, EH Bildu eta IU-Podemoseko kideak izan ziren. Batzuek diote aurreproiektuak nolabait traizio egin diola martxoan sinatu zen akordioari. Egia da akordiotik aurreproiektura okerrerako bidea egin dela, baina sinatutako akordioarekin berarekin kritiko izan ginen. Pozten gaitu ikusteak zalantzan jartzen dela hasiera batean erabateko adostasun gisa saldu zigutena. Pentsatzen dugu joan den ikasturtean antzeztu zutena ez zela benetan erreala; agian uste zuten berebiziko eztabaidarik gabe pasako zela hau edo alderdi bakoitzak bere gutxienekoak sartzen zirela ziurtatu zuen… Gauzak mugitzen eta astintzen ari badira, eztabaidak azaleratzen, pozgarria da.

Hain justu, mobilizazioak eta grebak tarteko, ahots ugari agertu da aurreproiektu honen kontra. Presio nahikoa izango dela uste duzu, legearen behin betiko testuan eragiteko?

Aurreproiektuaren zirriborroa da oraindik, eta baietz uste dugu. Jakin badakigu hasieran asmoa zutela di-da egiteko, epeak luzatzen ari dira, eta borrokatzen dugu zerbait lortzeko, ez soilik gure iritzia plazaratzeko. Uste dugu beste mota bateko legeak egin daitezkeela eta ez gaude etsita, ez dugu borroka hau galdutzat ematen, gure kontra gauza asko ditugun arren. Dena den, guretzat lege berri bat ez da hain premiazkoa, bestelako neurriak eta bestelako hezkuntza politika bideratzea baizik.

Borrokan jarraituko duzue, baina zaila dirudi lege honen oinarrian dagoen zutabeetako bat aldatzea: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Horren arabera, betebehar batzuk betetzen dituen ikastetxe orok jasoko du finantzazio publikoa %100ean. Zergatik uste duzue ez dela formula eraginkorra?

Orain arte egin dena egiten jarraitzeko formula bat delako, beste izen bat emanez. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko horren parte izateko baldintzak jarriko omen dira, baina hori egiten 35 urte daramagu: itunen dekretua onartu zen orduan, eta orain aipatzen direnak baino zorrotzagoa da dekretu hura, esaten du ezin direla kuotak kobratu, lehentasuna dutela zaurgarriak diren ikasleei erantzuten dieten ikastegiek, euskara bultzatzen dutenak lehenetsiko direla, erlijio ekintza guztiak borondatezkoak izango direla… eta esaterako azken baldintza hori bera ez da sekula bete eta ez da sekula betearazi. Orain, sistema bikoitz honek sortutako arazoak konpontzeko, proposatzen digute gauza bera egitea, baina horri deituz Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Pribatuari publiko deitu arren, ez du publiko bihurtzen.

35 urte eman ditugu bide bat jorratzen, eta emaitza da segregazioa, euskalduntzearen gabezia batez ere sare pribatuan, eta doktrinamendua. Eta egoera hori gainditzeko zer proposatzen da? Gauza bera egitea; okerrago, esanez horiek zerbitzu publikoaren parte direla. Ez du ez hanka ez bururik.

"Duela 35 urte onartutako itunen dekretua orain aipatzen direnak baino zorrotzagoa da, baina ez da bete eta ez da betearazi"

Neurriak idatzita baldin badaude, betearazteko mekanismoak dira orduan behar dena?

Hori da. Eta oso erraza da gainera.

Sare bikoitz horren arazo nagusietakoa ikasleen segregazioa dela kritikatu izan duzue. Ikasleak ekitatiboki eskolatzeko dekretua aurkeztu berri du Jaurlaritzak. Funtsean, diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek plazak erreserbatu beharko dituzte ikasle zaurgarrienentzat. Nola baloratzen duzue?

Dekretua 2018koa da, esana zegoen jada, baina LOMLOE Madrilgo azken hezkuntza legeak dio hori ere egin behar dela eta horregatik sartu da Jaurlaritza dekretua zehaztera. Lau urtean ez da bete, ikusiko dugu aurrerantzean. Matrikula berrietan, Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko ikasleei eragiten die, eta adin horietan zaurgarri gisa izendatzeko ezaugarri batzuk identifikatu daitezke (familiaren indize sozioekonomiko eta kulturala, adibidez), beste batzuk ez. Epez kanpo matrikulatzen diren ikasleei ere eragiten die, baina orain ere, administrazioaren batzorde batek erabakitzen du ikasturtean zehar iritsitako ikasle horiek zein ikastetxetan matrikulatu, ustez modu orekatzailean. Zer gertatzen da? Demagun pribatura bidaltzen dutela baliabide ekonomiko urriko ikasle bat; kuota ordaindu behar duela ikusiko du familiak, edo jantokiko prezioa altuegia dela pribatuan, berdin eskola-materialarekin… eta bueltan-bueltan ikasle horrek ikastetxe publiko batean bukatuko du.

Gakoa ez da ikasleak banatzea, baizik eta sare publikoa izatea erreferentea denentzat: gain-matrikulazioa dagoenean baremoak aplikatuta errenta ertain-altuak sare publikotik kanpo uzten dira, eta errenta baxuak lehenesteak logika duen arren, pentsatu behar dugu sistema bat, planifikazio logiko bat, ikastetxeek inguruko biztanleria har dezaten. Ikastetxe guztiak ez dira berdinak izango, baina ez dugu hori behar, inguruari dagokion ikastetxea izango da, auzokide batzuk etxe ondoko eskolatik ospa egiten jardun ordez.

"Badakigu auzo pobreagoak daudela, baina auzo horietako ikastetxeetan bakar-bakarrik daude auzoko pobreenak, gainerakoak beste ikastetxe batera eramaten dituzte"

Baina auzo batetik bestera ez al dago aldea, ez al daude auzoak testuinguru sozioekonomiko ezberdinetara lotuta?

Bai, hala da, baina kezkatuago gaude ikastetxeek ez dutelako beraien auzo eta herrietako profila. Gertatzen zaigu hainbat auzo eta herritan oso gertu egotea bi ikastetxe, eta bietako ezaugarriak zeharo ezberdinak izatea, ikasleak banatuta egotea, horri deitzen diogu segregazioa. Eta badakigu auzo pobreagoak daudela, baina auzo horietako ikastetxeetan bakar-bakarrik daude auzoko pobreenak, gainerakoak beste ikastetxe batera eramaten dituzte. Hori da arazoa.

Matrikulazio irizpide orekatzaileetara bueltatuz, diozu nahiz eta ikasleen sarbidea orekatu, itunpeko saretik ateratzen bukatuko duela profil jakin batek. Zein da orduan soluzioa?

Gertatzen ari zaiguna hori da, horregatik esaten dugu. Zein da ume guztiak hartzen dituen sarea? Sare publikoa. Bada, goazen sare publikoa indartzera. Ikastetxe publikoen artean ere desorekak sor daitezke, baina sare berekoak izanda, neurriak har daitezke. Eta hala ere, ikasleen onarpenean baldintzak eta kontrol mekanismoak ezarri behar dira bi sareak kontuan hartuz, eta sare pribatuari erraztu behar zaio publifikaziorako bidea, baina une honetan ez dago inongo motibaziorik ikastetxeak publiko bihurtzeko.

Ikasleak benetan euskalduntzeko, murgiltze eredua ikastetxe guztietan orokortzea eskatzen du gehiengo zabalak. Honetan ere, urrun dago legea hori jasotzetik?

A eta B ereduak nagusiki sare pribatuan daude, beraz beharbada sare pribatuari enbarazurik ez egitea da murgiltze eredua ez orokortzeko arrazoia. Esaten zaigu lege hau egiten ari direla hezkuntza sistemak dituen erronkei aurre egiteko, baina ez die erronka horiei aurre egiten; legearen asmoa ez ote da izango sare pribatua blindatzea, zer eta jaiotze-tasa jaisten ari den honetan? Hiru hizkuntza izango dira irakas-hizkuntza, ingelesa 3 urteko geletan sartzen saiatuko dira (orain arte 4 urteko geletan sartzen da)… Zertara dator hau? Ez dakigu, ez dauka oinarririk, baina euskalduntzea indartzera behintzat ez dator.

"Ez dugu inongo interesik ikastolen aurka aritzeko; eztabaidatzen ari gara ze hezkuntza sistema behar dugun guztiontzat"

Erlijio eskaintzari mugarik ez jartzea ere itunpekoen mesedetan dela ulertzen duzue?

Akordioan esaten zen Erlijio orduak izatea LOMLOEk behartzen duen gutxiengoa, baina aurreproiektuan desagertu egin da hori eta orain zera esaten da: “Laikotasunean oinarritutako hezkuntza eredua garatuko da, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz”. Itunpeko ikastetxeen bi herenak baino gehiago erlijiosoak dira, katolikoak, eta ebanjelizazioa dute helburuen artean. Nola izango da hori errespetatzea laikotasunean oinarritzea? Ez dakit gauza hauek idazten dituztenean zertan ari diren.

Eztabaida publikoan, baina, nahiko bigarren planoan dago Kristau Eskola; zalaparta handiena sare publikoaren eta ikastolen artean dagoela dirudi.

Bai, eta eztabaida oso modu bortitzean ari da ematen, zenbaitetan. Lastima da, batetik ezkutatzen duelako sare pribatuaren patronal nagusia ikastetxe erlijiosoak direla, eta bestetik, ikastolek beren burua erdigunean jartzeak desitxuratu egiten duelako sakoneko eztabaida. Ikastolek askotan jartzen dute mahai gainean beren eredua, eta egia da komunean ditugula helburu batzuk, euskalduntzea kasu, baina ikastola pribatuek agian azaldu beharko digute zein onura ekartzen dion Euskal Herriari beren ikastetxeen titulartasuna pribatua izateak. Duela 35 urte 44 ikastola publifikatu ziren, eta ez dakit ausartzen diren esatera ikastola horiek jada ez dutela ekarpenik egiten. Ikastolen meritua ez du inork ukatzen, historian izan duten ausardia eta aitzindaritza, baina beste momentu batean gaude. Ez dugu inongo interesik ikastolen aurka aritzeko, komunitate trinkoa osatzen du ikastola askok, baina ez gara eztabaidatzen ari hori hobea edo okerragoa den ikasle horientzat, eztabaidatzen ari gara ze hezkuntza sistema behar dugun guztientzat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude