Mujika Eskola: eskolako patioen boterea jarduera fisikoa sustatzeko

2022-05-12

Mujika Eskolako patioa eraldatzeko proiektuaren barruan, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileek ikerketa-proiektu bat jarri dute abian. Helburua ikasleen jarduera fisikoa alderatzea da, jolastokia eraldatu aurretik eta ondoren.

Proiektuaren lehen fasea amaitu da. Bertan, haurren jarduera fisikoa eta gorputz-osaera aztertu dira, patioaren eraldaketa hasi aurretik. Emaitzak UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateak maiatzaren 5ean eta 6an antolatutako Gizarteratzeari eta Hezkuntzari buruzko Kongresuan aurkeztu dira.

Azterlanean Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako azken ikasturteko ikasleek parte hartu dute. Patioan egindako jarduera fisikoa neurtzeko, denbora sedentarioa eta jarduera fisikoa erregistratzen dituzten azelerometroak eraman dituzte haurrek. Gainera, galdetegi baten bidez, gorputz-osaerari buruzko datuak, haur guztien datu soziodemografikoak eta eskola-orduetatik kanpo egiten duten jarduera fisikoaren inguruko datuak jaso dira.

Horren ondorioz, agerian gertau da neskek, bereziki helduagoek, mutilek baino jarduera fisiko gutxiago egiten dutela jolastokian, eta patioan aktiboen dauden ikasleak, ordea, eskolatik kanpo jarduera fisiko gutxien egiten dutenak direla, ziurrenik eskola-ingurunetik kanpo dagoen jarduera fisikorik eza orekatzen saiatuz.

“Ondorio gisa, esan dezakegu eskola-jolastokiek konpentsazio elementu bat izan beharko luketela haurren jarduera fisikoa areagotzeko, oso garrantzitsua baita haien garapen integralerako, batez ere eskola-ingurunetik kanpo jarduera fisikorik egiteko aukerarik ez dutenen kasuan. Horretaz gain, gure ustez, jolastokien diseinuan genero-ikuspegia eduki behar da kontuan, bai mutilek bai neskek jarduera fisikoa egiteko erakargarria izan dezaten”.

Proiektuak martxan jarraitzen du, eta gaur egun eraldaketaren ondoren ikasleen jarduera fisikoa aztertzen ari dira. Patioko jarduera fisikoaren maila handitu den jakin nahi dute ikertzaileek. Gainera, ikerketa ildo horrekin jarraitu nahi dute, eta proiektua eskola gehiagotara zabaldu, patioko jarduera fisikoa baldintzatzen duten aldagaiak era zehatzagoan zehazteko.