Hezkuntza Lege berriak jaso behar dituen konpromisoak aurkeztu ditu Eskola Publikoaz Harro plataformak

2022-02-03

Datozen hilabeteetan, Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Akordioa onartuko du, etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Hezkuntza Legearen oinarria izango dena. Testuinguru horretan, kide garen Harro Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak egungo egoeraren balorazioa egin du, eta mahai gainean jarri ditu jaso beharko lituzkeen konpromisoak eta etorkizuneko Lege horrek zeharkatu beharko ez lituzkeen ildoak.

  • Ezin da onartu eskola publikoa sistemaren erdigunean jartzen ez duen akordiorik. Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzakoa, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona. Ondorioz, ez da onargarria izango eskola publikoa eta pribatua parekatzen duen akordiorik edo legerik.
  • Ezin da onartu egun ikastetxe pribatuek duten finantzaketa egonkortuko edo handitu nahi duen akordiorik.
  • Ezin da onartu segregazioari modu tinko eta eraginkor batean helduko ez dion akordiorik.
  • Ezin da onartu euskalduntzen ez duten eta, beraz, ikasleak diskriminatzen dituzten hizkuntza-ereduak diru publikoz finantzatzea ahalbideratuko duen akordiorik.

Lege berri bat egitekotan, eskola publikoa sistemaren erdigunean kokatu behar du, bere ardatz egituratzaile gisa. Egoera horretan soilik garatu ahal izango dituzte hezkuntza-sistemako ikasle guztiek beren bizikidetza-gaitasunak. Gizarte-kohesioa dago jokoan.

Jaurlaritzak dioen bezala, datozen 30 urteetarako hezkuntza sistema Lege berri honen bidez arautuko bada, alderdi politikoen arteko akordioa beharrezkoa da, bai, baina hori bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta, batez ere, eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea, eta hori ez da egin. Itunpeko sarearekin negoziatzen dabil soilik Hezkuntza saila.

Hezkuntza Lege berria denona eta denontzat den eskola publikoaren aldeko legea izan behar da, guztiona eta guztiontzat den bakarra, eta gaur egun dugun eskola-segregazioarekin eta gizarte-hausturarekin bukatuko dugun legea, euskara ardatz izango duen kalitatezko hezkuntza-eredua eskainiko diena herritar guztiei.

Deskargatu hemen manifestu osoa.