Hezkuntza sisteman erabiltzeko edukiak eskaintzen ditu BERRIA Ikasgela egitasmoak

2021-11-11

BERRIA Ikasgela martxan da, hezkuntza sisteman erabiltzeko askotariko edukiak eskaintzen dituen webgunea. Bertan mota anitzeko edukiak aurkitu daitezke: irakurgaiak, bideoak, infografiak eta audioak, besteak beste.

BERRIA ikasgela 12 eta 18 urte bitarteko ikasle eta haiekin lan egiten duten irakasleentzat erabilgarri izan nahi duen webgunea da. Izan ere, eskaintzen diren baliabideak BERRIA egunkariak landutako edukiak dira, ikasgaiak osatzeko aproposak.

Eduki guztiak sailkatuta daude, ikasgaien arabera, eduki motaren arabera eta gai jakinen arabera, eta guneak bilaketa sistema aurreratua du.

Gainera, ikasgelaren barruan, irakasleek foro bat dute edukien inguruko ekarpenak egiteko, edukiak proposatzeko eta esperientzien berri emateko. Foroan parte hartzeko, irakasle gisa erregistratu behar da. BERRIA Ikasgela buletinera harpidetzeko aukera ere badago.