Eskola publikoa aldarrikatzeko manifestazioa aurkeztu dugu

2021-10-26

Euskal eskola publikoaz harro gaudela esateko eta hezkuntza publikoaren alde mobilizatzeko ordua da. Horregatik, azaroaren 6an Euskal Eskola Publikoaz Harro! Topagunea osatzen dugun eragileok “Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!” Bilbon egingo dugun manifestazioa aurkezteko prentsaurrekoa egin dugu. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza Ordezkaritzatik (Gran Via 85) eta Arriagan amaituko da.

Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzat, jatorrizko ezberdintasunak berdintzen dituena, inklusiboa den bakarra, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskaldundu duen eta gaur egun euskalduntzen dituen sarea.

Honen kontra borrokatu eta neurriak har daitezen mobilizatuko gara. Hona hemen gure aldarrikapenak:

       1 – Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du baliabide ekonomiko, material eta pertsonalen aldetik, denona eta denontzakoa den eskola delako.

       2 – Eskola bakarra aldarrikatzen dugu. Ondorioz, eskaintza publiko integrala eta doakoa  bermatu behar da udalerri eta auzo guztietan 0tik 18urtetara.

       3 – Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia da: ez da lerro pribaturik irekiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean.

       4 – Beraz:

  • Pribatizazioarekin amaitu. Sortzen diren ekimen pribatu guztiak, derrigorrezkoak ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa) baimendu, itundu eta diru publikoarekin sostengatzen dituen politikarekin bukatu behar da.
  • Orain, jaiotze-tasa behera doan une honetan, eta ikastetxe pribatuekiko kontzertuak datozen 6 urtetarako berrizteko daudenean, Administrazioari diru publikoaren erabilera bidezkoagoa exijitu nahi diogu.

        5 – Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortu behar du.

        6 – Euskarazko murgiltze eredua orokortu. Diru publikoarekin ez finantzatu euskalduntzen ez duten eta, beraz, inklusioaren eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak.

Orain, EAEn Hezkuntza Akordioaz ari direla, kezka handiz hartu ditugu Jokin Bildarratz sailburuak ikasturte hasieran egindako adierazpenak. Gardentasuna behar dugu prozesuan, sare publikoko ordezkarien parte hartzea bermatuko duena, hezkuntza-sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta eskola-segregazioaz hausnartuko duen prozesua, hain zuzen.

Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/legerik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, euskaldun, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena. Etorkizuneko jendarte eredua dago jokoan.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia azaldu dezala eskatu nahi diogu.

 

Informazio praktikoa

  • Egin pankartak zure ikastetxean, ipini ondo ikusten diren leku batean eta konpartitu argazkia sareetan #eskolapublikoazharro traolarekin.
  • Entzun eta konpartitu “Harro” abestia eta ikasi dantza!
  • Jantzi zure eskolako kamiseta, Euskal Eskola Publikoaren jaietakoa edo “Harro“ kamiseta eta zatoz zure familiarekin Bilbora!
  • Garraio publikoan ezin bazara etorri jarri harremanetan zure ikastetxeko IGEarekin autobusa antolatu ahal izateko.
  • Deialdiarekin bat egiten baduzue zuen atxikimendua bidali, argazki bat bidaliaz eskolapublikoazharro@gmail.com helbidera.
  • Deskargatu kartela PDF formatuan.
  • Informazio gehiago www.plataformaeskolapublikoa.eus
  • Deskargatu prentsa-oharra.