Material didaktikoen programari buruzko informazioa

Eskola publikoan material kurrikularrak eta testuliburuak doakoak izan behar direla aldarrikatu du beti EHIGE-k. Aldarrikapen historiko honen ondorioz, Testuliburuen Programa Solidarioa jarri zen martxan 2008an, Euskal Eskola Publikoko familia guztietara iritsi izan den programa.

Programa honen bidez, Hezkuntza Sailak berak zehaztutako gehienezko prezioaren %75a finantzatu du eta familiek %25a ordaindu dute ikastetxearenak diren liburuak maileguan erabiltzeagatik (%25 hori beken bidez jaso dute beka eskubidea duten familiek).

Pasa den urtean aurreratu genizuen bezala, Programa hau kendu nahi du Hezkuntza sailak eta aurrerantzean familiak ordaindu beharko ditu baliabide kurrikularrak (testuliburuak, eduki digitalak, gailu digitalak, eta abar.) Materialaren beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek Hezkuntza sailak zehaztutako diru-kopuru bat jasoko dute.

Gure ustez, hezkuntza-material digitaletara egin behar den trantsizioa eta horrek ekarriko duen testuliburuen desagerpena ezin da erabili Euskal Eskola Publikoaren finantzazioan murrizketa gehiago egiteko.

Horregatik, erabaki honen guztiz kontra agertu da EHIGE hasieratik, ekarriko dituen ondorio larriengatik. Hala ere, Hezkuntza sailak ez du bere erabakia aldatu eta datorren ikasturtean amaituko du bi urtetako trantsizioa prozesua. Hala, 2017-2018 urtetik aurrera, LHko 5., 6. maila eta DBHko 1. eta 2. mailetatik hasita, liburuen mailegu programa bukatu egingo da.

Hauek izango dira datorren ikasturteko kuotak, Hezkuntza sailaren ebazpenak jasotzen dituen datuen arabera:

 

MAILAK

HEZKUNTZA SAILA

FAMILIAK

LH 1 eta 2

45,5 € (%50*)

27 €

LH 3 eta 4

13 €

30 €

LH 5 eta 6

53,5 € (%50)

31 €

DBH 1

84,5 € (%50 )

41 €

DBH 2

139 € (%75)

45 €

 

*Berriztatze osoaren portzentajea.

Egoera honen aurrean, hauxe jakinarazi nahi du EHIGE-k:

Murrizketa berri bat da hau Euskal Eskola Publikoaren finantzazioan. Sare publikoko ikasle guztientzako material kurrikularretan inbertitzen jarraitzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

-Material digitaletara egiten den trantsizioak gutxienez egungo finantzazioa eta Testuliburuen Programa Solidarioaren ezaugarriak mantendu behar ditu: unibertsala, solidarioa eta jasangarria izan behar da.

-Derrigorrezko material kurrikularrak doakoak izan behar dira eskola publikoan. Norabide horretan pauso bezala ulertu izan dugu Testuliburuen Programa Solidarioa

-Eusko Jaurlaritzak planteatzen duen trantsizioak material kurrikularretara, laukoiztu egingo du gutxienez egun familiek ordaintzen duten kuota.

-Azkenik, gogoratu araudiak jasotzen duen kuota ordaindu behar dugula soilik familiok, gainontzeko beharrak Administrazioak bete behar ditu. Beraz, araudia ez bada betetzen kexa aurkeztera animatzen zaituztegu.