Egungo hezkuntza sistema publiko/pribatuak ez du bermatzen aukera berdintasuna

Baztertutako egoera sozioekonomikoa eta jatorri atzerritarra duten ikasleak hartzerakoan  diru publikoarekin finantziatzen diren sare publikoa eta pribaturen artean dauden desberdintasunak salatu dituzte EHIGE eta beste hezkuntza eta gizarte eragile batzuk azken urteetan.

Hezkuntza-itunen araudia argia den arren (diru publikoz finantziatzen diren ikastetxe pribatuek giza-ardura partekatua izan behar dutela zehazten du) praktikan ikastetxe pribatu-kontzertatu asko oso urrun daude finantzazio publikoak eskatzen dien gizarte konpromisotik.

Hala jasotzen du gaur EAEko Hezkuntza sailburuak hezkuntza-eragileoi aurkeztu digun “Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman” planean. Bertan jasotzen da sare publikoa dela atzerritar jatorriko ikasle kopuru handiena eskolaratzen duena. Hala ere, EHIGEk argi du ikasleen egoera sozio-ekonomikoa dela segregazioa sortzen duen oinarrizko faktorea. Ebaluazio diagnostikoek erakusten dute sare publikoko hiru hizkuntza-ereduetan eskolaratzen direla ISEK baxuena duten ikasleak.  

Euskal hezkuntza sistema hausten ari da. Dokumentu honetako datuek argiak eta erabatekoak dira. Denboran ezin da gehiago alboratu eskola-segregazioaren errealitatea.  Egungo publiko/pribatu sistema dualak ez du bermatzen aukera berdintasuna, kale egin du eta ondorioz berrikusi egin behar da. Diru publikoarekin finantziatutako hezkuntza-sistema batek kohesioa eta gizarte-justizia sustatu behar ditu, ez segregazioa.  

Ezin dugu ahaztu ezta ikastetxe pribatu kontzertatu batzuen ezaugarriek (gizarte-osaketa, sexuaren araberako segregazioa, idearioa eta abar) ez direla bateragarriak gizarte kohesionatu bat lortzeko helburuarekin. EHIGEn irmoki pentsatzen dugu bateragarria izan behar dela helburu hau familiek gure seme-alabentzako hezkuntza hoberena izateko dugun eskubidearekin.

Guzti horrengatik, EHIGErentzat positiboa da eskola-segregazioa behingoz hezkuntza- eta politika-agendetan egotea. Hala ere, uste dugu plan berri honek nobedade gutxi dauzkala, zehaztasuna falta zaiola, baita finantzazio plana ere.  

Gaur, inoiz baino gehiago, eskola publikoa ardatz izango duen statu quo berri bat sortuz burutuko den eztabaida sozial eta politiko zabala irekitzeko momentua da, eskola publikoa delako pertsona guztiena den bakarra, baita eta pertsona guztientzako hezkuntza-eskubidea bermatzen duena ere.