170 ikastetxe baino gehiagok ez dute aplikatuko LOMCE euren eskola kontseiluetan

EskolaDemokratikoa3

“Eskola demokratikoa” diploma entregatu diogu gaur Bilboko San Inazio eskolari, “Euskal Eskola Publiko demokratikoa. LOMCErik ez!” kanpainara atxikitu denetako bat. Datozen asteetan banatuko ditugu gainontzeko diplomak eta atxikipenak biltzen jarraituko dugu.

EAEko 170 ikastetxe publiko baino gehiagoetako eskola kontseiluek bat egin dute “Eskola publiko demokratikoak. LOMCErik ez!” kanpainarekin eta LOMCErik ez aplikatzea adostu dute euren eskola kontseiluetan.

Kanpaina honetara atxikituz honetara konprometitzen dira zehazki: “eskola-komunitatearen erabaki eta parte-hartze demokratikorako organoa izaten jarraituko du, ikastetxearen antolaketa, funtzionamendu eta gobernuari dagokionean”.

Hainbat aldiz salatu dugun moduan, LOMCEk erabaki ahalmena kentzen die eskola kontseiluei, kontsulta-organu bihurtuz eta erabaki garrantzitsuenak hartzeko ahalmena zuzendarien eskuetan soilik  utziz.

EAEko gobernuak akordio bat egin duen arren Espainiako gobernuarekin eskola kontseiluen kudeaketa bere esku hartzeko, oraindik ez dakigu ezer legedi berriari buruz. Hori dela eta, hauxe eskatzen diogu Hezkuntza sailari: eskola kontseilu demokratikoak eta erabakitzaileak berma ditzala.

-Kanpainara atxikitu diren ikastetxeen zerrenda: Eskola Kontseiluen kanpaina sinatu duten ikastetxeen zerrenda 2015
-Kanpaina: Eskola demokratikoa kanpaina (pdf)