“Eskola-jantokiak EAEn. Nolakoan diren eta nolakoak izan litezkeen: elikaduraren kalitatea, hezkuntza-potentziala eta ingurunearekin duen lotura” ikerketaren aurkezpena

Gaur, abenduak 14, “Eskola-jantokiak EAEn. Nolakoak diren eta nolakoak izan litezkeen: elikaduraren kalitatea, hezkuntza-potentziala eta ingurunearekin duen lotura” ikerketa aurkeztu dugu VSF Herrien Bidezko Elikadura eta EHIGE elkartek Irantzu Duro (LAIA Ekosormena) ikerketaren egilearekin batera.

Ikerketaren helburu nagusia EAEko ikastetxeetako elikadura-sistemen analisi eta diagnostikoa egitea izan da. Ikastetxe barnean zein inguruarekin lotuta dauden erlazio, erabaki eta jarduera guztiak barne hartzen ditu ikastetxeetako elikadura-sistemak. Eskola-jantokia da elikadura-sistemaren zutabeetako bat, horregatik zentratu gara bertan.

Lau atal ditu ikerketak:

  • Sistemaren ezaugarritzea: sistema ondo definitu, hau da, osatzen duten atal guztiak definitu, baita berauen funtzio eta akzioak ere, hala nola erlazio hauek gidatzen dituzten arau eta erakundeak.
  • Inpaktuak eta eraginak: sistemaren inpaktu lokalak eta globalak aztertu elikadura-sistema eredu desberdinak konparatu ahal izateko.
  • EAEk dituen baliabideak ezagutu (testuinguru lokalaren deskribapena). Baliabide horien arabera egingo dira hobekuntzarako proposamenak.
  • Eskola-komunitateen elikadura-sistema hobetzeko proposamen zehatzak, EAEren baliabideak eta inpaktuen murrizketa kontuan hartuta.

 

Eskola-jantokiak EAEn

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ZERBITZUARI BURUZKO DATU BATZUK

-Ikastetxe publikoen %98ak catering zerbitzua dauka (5 enpresa guztira).

-Ikasleen %37ak soilik dauka sukaldea ikastetxean.

-Zerbitzuaren koste erreala ezagutzea oso zaila den arren, familiek kosturaren 2/3 ordaintzen dutela kalkulatzen dugu (gainontzekoa Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du)

-Araudia oso zurruna da eta ez da egokitzen eskola-komunitateen egungo beharretara (ikastetxeek ezin dute eredua ezta enpresa aukeratu, ez da egokitzen familien behar puntualetara, eta abar).

-Asko hobetu daiteke kalitatea nutrizioaren aldetik:

  • Ikerketek fruta, barazki, arrautza eta arrain urdin gehiago gomendatzen dute.
  • Haragia, purea, produktu frijituak, eta esneki-postreak murriztea gomendatzen da.
  • Azukredun postreak ekidin behar dira.

-Familiek elikagaien jatorria ezagutu nahi dute.

-Ez dago jantokiaren aprobetxamendu pedagogikorik: ez da barne hartzen ikastetxeko hezkuntza-proiektuan, ikasleek gutxi parte hartzen dute, langileen formakuntza hobetu beharra, eta abar.

-Catering enpresen hermetismoa. Produktu industrializatuak eta kilometrikoak erabiltzen dituzte. %10ak baino ez diote erosten lehen sektoreari (estimazioa).

 

SISTEMA EKOLOGIKO ETA GERTUKOAREN ABANTAILAK EREDU INDUSTRIALAREN ALDEAN

Elikadura-sistema indus­trialak tokiko ekoizpen eta ekoizpen ekologikoan oina­rritutako sistema batek baino bost bider energia gehiago kontsumitzen du.

-Elikadura-sistema industrialean elikaduraren kalitatea ez da lehentasunezko faktorea. Oro har, tokiko elikagaiek potentzial handiagoa daukate nutrienteen puntu optimoari eusteko.

-Ekoizpen agroekologikoa indartu eta salmenta merkaturatze-zirkuitu laburretan egin behar da. Horrek guztiak enplegua sortzen du, nekazaritzako eta landa-guneetako inguruak dinamizatzen ditu, tokiko merkatuak sustatzen ditu eta balio erantsiaren banaketari mesede egiten dio.

-Tokian tokiko elikadura-sistema ezarri duten lekuetan ikasleak jaten dutenaz jabetzen dira, bai eta jaten dutenak osasunarekin, ingurua zaintzearekin, sukaldaritza-tradizioarekin eta abarrekin duen loturaz ere.

-Elikadura-sistema industrialaren elikagaien nazioarteko merkatuak ez die mesede egiten  herrialde ekoizleetako landa-gizarteei  eta ez du balio txirotutako eskualdeei  bertako biztanleak pobrezia-egoeratik ateratzeko.

 

BA AL DAUKA EAEK BEHAR BESTE BALIABIDE GERTUKO ELIKADURA-SISTEMA BATEKO ESKARIARI ERANTZUTEKO?

Ekoizpen-sistemaren  azterketak adierazten du ba dagoela aukera eskola- jantokiak bertako elikagaiz hornitzeko, elikagai ekologikoekin egitea ezinezkoa baldin bada ere.

Arrautza ekologikoen kasuan izan ezik, gainerako elikagaietarako oso urruti gaude, egungo ekoizpenarekin, EAEko ikastetxe publiko guztiei hurbile­ko menu ekologikoak eskaintzetik.

Lehentasun bat, horrenbestez, ekoizpen ekologikoa indartzea izango da.

Era berean, garrantzitsua da balio agrologiko handiko lurra, ura eta baserritarren nekazaritza eta arrantza jasangarrirako ezinbestekoak diren ondasunak babestea; era berean, garrantzitsua da gazteak ekoizpen-jarduera horietara biltzeko erraztasunak ipintzea.

Horrez gain, bertako merkatuak eta merkaturatze- zirkuitu laburrak indartzeari ere garrantzitsu deritzogu, eta azpiegitura egokiak ipini beharko lirateke bertako distribuzioa eta merkaturatzea sustatzeko.

 

EROSKETA PUBLIKOAK EGOERA ALDATZEKO DUEN INDARRA

Administrazioak, erosketa publikoaren bidez, egiteko garrantzitsua izan dezake gertuko sistema agroekologikorako trantsizioa sustatzeko bidean. Sukaldaritza kolektibo publikoa eskola-jantokietatik harago doa (ospitaleak, zahar-egoitzak, lantokiak, eguneko zentroak, etxe-laguntzako zerbitzuak, administrazioen jantokiak). EAEn 2.543 jantoki kolektibo daude eta 120.000 bazkaltiar inguru. 20 milioi ingurukoa izan daiteke eskola-jantoki publikoen erosketa publikoa.

Europan indarrean den lege-esparruak elikagai ekologikoen eta jatorri-bereizgarriak dituzten elikagaien erosketa publikoa baimentzen du. Halaber, posible da kontratazioetarako baldintza-orriak idaztean tokiko ekoizleen partaidetza sustatzen duten irizpide objektiboak txertatzea, tokiko eta kalitatezko produktu ekologikoek balorazio hobea izan dezaten.

ELIKADURA-SISTEMAK HOBETZEKO 10 PRINTZIPIO

  1. Elikagai nutritiboak: menuek modu egoki batean bete behar dituzte ikasleen behar nutrizionalak, dieta aberats eta askotarikoa eskainiz sasoiko produktu eta freskoekin.
  2. Elikagai osasuntsuak: platerak ikastetxeetan sukaldatu behar dira sukaldaritzako teknika osasungarriekin. Gainera, ez dute pestizida edo bestelako substantzia toxikorik izan behar.
  3. Agroekologia: irizpide sozial, kultural eta ingurugiroarekikoak errespetatzen dituzten ekoizpen-sistemetatik etorri behar dira elikagaiak. Horregatik egiten dugu agroekologiaren aldeko apustua, barne hartzen dituelako ekoizpen ekologiko, justizia sozial, errentagarritasun ekonomiko, osasun, kultura ta ingurugiroaren zaintzaren irizpideak, baita ekoizpen eta baldintza sozial duinak.
  4. Gertutasuna: gertuko elikagaiak lehenetsi lekuko ekoizpena eta komertzializazio zirkuito laburrak laguntzeko. Horrela, tokiko ekonomia sustatuko da eta baita baserritar eta eskola-komunitateen arteko lotura.
  5. Informazio irrisgarria: umeentzako nahi dugun eskola-elikadura ereduari buruz erabaki ahal izateko, ezinbestekoa da informazio zabala, erreala eta egiaztatua
  6. Sentsibilizazioa eta prestakuntza: eskola-komunitateetan parte hartzen duten pertsonei beharrezkoak diren tresna eta ezagutzak eskaini, informazioa modu kritikoan erabili ahal izan dezaten.
  7. Parte-hartzea eta erabaki ahalmena: behin informazioa ta prestakuntza izanda, espazioak behar dira elkarrizketan aritu, erabakiak hartu eta tokiko elikadura-sistema jasangarriak eraikitzen joateko.
  8. Eragileen arteko komunikazioa: gardentasuna sustatu eta komunikaziorako espazioak sortu eskola-komunitateetako elikadura-sistemetan parte hartzen duten eragile guztiekin (publikoak, pribatuak eta sozialak).
  9. Ekintza pedagogikoa: eskolako elikadura-sistemak eta ikastetxeetako hezkuntza-proiektuetan inplikatuta dauden pertsonak integratu, eta eskola-jangelak eta elikadura-sistemak orokorrean duten botere pedagogiko ikaragarria garatzea baimenduko duten tresna eta baliabideak eman.
  10. Justizia: eskola-elikadura sistemak eragin lokala eta globala ditu. Horregatik, inplikatutako aktore guztien arteko erlazioen ardura partekatua zaindu behar da, baita elkarren ezagutza, elkartasuna, errespetua eta ekitatea ere, Iparra-Hegoa erlazioak ahaztu gabe.

 

PROPOSAMENAK

Printzipio horietan oinarrituta, proposamen hauek egiten ditugu:

  • Eusko Jaurlaritzaren konpromisu politiko loteslea, eskoletako elikadura-sistemak hezkuntza-proiektuak txertatu daitezen, menuak, jangelak, sukaldea eta langileak hezkuntza-espazioan integratuz.
  • Eusko Jaurlaritza, foru- eta tokiko administrazioen konpromisu politiko loteslea, esplizitu egingo duena gertuko eta baserritarren ekoizpenen erosketa publikoa txertatzeko borondatea eskola-komunitateetako elikadura-sistemetan
  • Elikadura-gobernantza egiturak sortu -Elikadura Kontseiluak, esaterako- inplikatutako aktoreen parte-hartzearekin: erakundeak, ekoizleen elkarteak, umea, IGE-ak, irakasleak eta sukalde eta jangeletan lan egiten duten pertsonak.
Tagged on: , ,